Zer gertatzen zait?

Hemorroideak (Almorranak)

Uzkiaren barruko ehuna loditu eta beherantz erortzen denean agertzen dira. Kojineteak edo uzki-kuxinak deitzen zaie. Kanpokoak edo barnekoak izan daitezke. Kanpokoak uzkiaren azalaren azpian daude, eta barrukoak ondestearen behealdean, nahiz eta uzkitik kanpora irten daitezkeen.
Sintomarik ohikoena odol gorriz zikintzea da, kakarekin edo komuneko paperarekin. Barneko hemorroideek, uzkitik kanpo irteten ez badira, ez dute minik ematen. Agertuz gero (aldizka edo denbora iraunkorrean) deserosotasuna, uzkiko azkura edo mina eragiten dute. Gainera, barneko hemorroideek min zorrotza eragin dezakete, bereziki kanpora irteten badute eta ezin badira barrura itzuli.
Bestalde, kanpoko hemorroideak “koagulatu” (tronbosia) egin daitezke, uzkiaren kanpoaldean gogor, more eta oso mintsu jarriaz, eta apurtzean odola bota dezakete.

Hainbat faktorek eragin ditzateke: idorreria kronikoak edo beherakoak, kaka kanporatzeko ahalegin handiek, komunean denbora luzez eserita egoteak, fruta eta barazki gutxiegi izatea dietan, haurdunaldiak.


Hemorroideek minbizia sortzen dute?

Ez. Ez dago inolako loturarik hemorroideen eta minbiziaren artean. Hala ere, hemorroideen sintomak, batez ere odoljarioa, ondesteko minbiziaren eta digestio-aparatuko beste gaixotasun batzuen antzekoak izan daitezke. Horregatik, garrantzitsua da medikuari galdetzea.

Zein da hemorroideen tratamendua?

Dieta eta bizimoduaren aldaketa dira hemorroideak tratatzeko hasierako urratsak, eta nahiko izaten da sintoma arinak hobetzeko. Fibra asko dietan, likido ugari edatea (1,5-2 litro ur egunean), ariketa fisikoa, komunean denbora luzeak eta kaka egiterakoan esfortzu handiak saihestea neurri eraginkorrak izan ohi dira. Hamar bat minutuz ur epelarekin ipurdi ingurua garbitzeak ere eragin ona izan dezake (4-6 orduz behin eta kaka egin ondoren). Hemorroide gogaikarrienek beste tratamendu batzuk behar izaten dituzte:

Gomatxo (banda) elastikoa: eraztun formako gomatxoa da, hemorroidearen oinarrian jartzen dena. Honek odola heltzea, eta ondorioz fibrosia, galarazten ditu. Ez da mingarria eta anestesiarik eta ospitaleratzerik gabe egin ohi da. Batzuetan saio bat baino gehiago izan daitezke beharrezko.

Esklerosia: substantzia kimiko bat bere oinarrian injektatuz egiten da, gomatxoen helburu berarekin.

Hemorroidektomia: hemorroideak kentzea. Anestesia bidez egiten da. Batzuetan, gaixoak gau bat ematen du ospitalean, eta beste batzuetan etxean lo egin dezake. Aldez aurreko tratamenduak huts egiten duenean eta hemorroideak oso handiak direnean gomendatzen da. Pazienteak analgesiko edo lasaigarriak behar izaten ditu etxean ebakuntza ostean, min arina eta ertaina sorrarazten baititu.

Arteria-hemorroidalen ligadura: hemorroideen arterien odol-fluxua etetean datza. Anestesiarekin egiten da, eta gaixoek etxean lo egin dezakete kasu batzuetan.